Aurten ere, kalabaza ekologikoak hazi eta saltzera animatu gara proiekturako dirua lortzeko asmoz. Orain arte lortu ditugun 1373€ ak Ugandako gobernuak ezarritako Covid 19-aurkako baldintzak betetzeko erabili ditugu, eskolak berriz irekitzeko baimena eman diezaguten. Horrela, proiektuan parte hartzen duten 7 eskoletan erosi berri ditugun termometroak, eskuetarako gel eta distantzia mantentzeko aulkiei esker, besteak beste, azken kurtsoko ikasleentzako gelak irekitzea lortu dugu jada, oinarrizko ikasketen gradua eskura dezaten.
Ikasle hauetaz gain, gainontzeko ikasle guztiak ere ahalik eta lasterren eskola “jasangarri” hauetara bueltatzea espero dugu, hemen asetzen baitituzte euren oinarrizko beharrak (elikadura, higienea), kalitatezko hezkuntza jasotzeaz gain. Bitartean, eskolako baratzak lantzen dituzten ikasleen gehiengoa falta denez, traktoreak alokatzen ari gara artoa eta indabak ereiteko, horrela agintariek eskolak guztiz irekitzea ahalbidetzen dutenean, ikasleentzat nahikoa jaki izatea espero dugu.
Beraz, bihotzez mila esker kalabazak erosi dituzuen guztioi, izan ere pandemia honen ondorio latzak kudeatzeko aukera eman baitiguzue, neurri batean izan bada ere. Esker bereziak salmenta egunean parte hartu zenuten Neikerreko langile mordoari. Baita zuen babesa erakutsi zeniguten Lancor 2000-ko langileei eta Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaileei. Baten bat gosez geratu bada, jakin ezazue oraindik baditugula salmentarako zenbait kalabaza… Proiektua ezagutzeko eta laguntzeko beste urrats bat eman nahi baduzu, egin zaitez laguntzaile!